info@leizaraneskubaloia.com

Nagore Arizaga Iribarren – 2011/03/07

«Ohorezko mailako Bera Bera taldeko jokalaria»

-Kanaria Handian XXXII. Eskubaloi Erregina Kopa jokatu berri da, bertan izan zara Bera Bera taldearekin. Final laurdenetako partida Elda Prestigioren aurka galdu ondoren etxera itzuli behar izan duzue. Kontaiguzu esperientzia:

Esperientzia oso polita izan da, Elda ekipo oso ona da eta zorte txarra eduki dugu. Hala ere, irabazteko aukerak bagenituen. Partiduaren hasieran parekaturik joan ginen, baina bigarren zatian akats batzuk egin genituen eta beraiek akats horiek ondo aprobetxatzen jakin zuten markagailuan aurretik jarriz.

-Leizaranen lau urte egin ondoren Donostiako Bera Bera taldera egin zenuen jauzi duela hiru denboraldi, zaila izan al zen pausu hau ematea?

Bai eta ez. Alde batetik ekipo eta jende berriarengana egokitu behar izan nuen, baina bestetik, erronka moduan hartu nuenez gustura sentitu nintzen.

-Aurtengo denboraldian zure taldearekin Ohorezko Mailan debuta egin duzu. Nolakoa izan da debut hori?

Lehenengo urteak beti zailak izaten dira. Minutu gutxi jolasten dira eta aukera guztietatik beti ikasten da. Taldekideek ere asko laguntzen dutenez errazagoa izaten da aurrera jarraitzea.

-Emakumezkoen Ohorezko Maila gizonezkoen Asobal ligaren parekidea da, gogorra al da? Aurreko mailetatik non nabaritzen da alderik handiena, entrenamenduetan ala partidetan?

Bai. Eskakizun eta entrega berdina da nahiz eta gero gizonezkoen ligak indar handiagoa eta ezagunagoak diren.

Nire ustez, bietan. Hala ere, partidu bakoitzean asko jokatzen denez, ez dago akatsentzako lekurik. Askotan gol baten gora beherak erabakitzen baitu ekipoaren etorkizuna, aurreko urtean bezala, Europara ezin izan baikenuen sailkatu gol batengatik.

-Taldearekin espainia osotik egin behar izaten dituzue bidaiak, zer egiten zaizu gogorragoa, entrenamenduak ala bidaiak?

Bidaiak nahiko erosoak izaten dira. Normalean autobusez joaten gara eta autobus horiek egokiturik daude. Partidu aurretik egiten diren entrenamenduetan taktika entrenatzen da batik bat, azkeneko puntuak eta detaileak errepasatzeko. Esaterako, aurkako jokalari batek zer egiten duen eta guk nola erantzun behar dugun horren aurrean.

-Kopa amaiturik, Ligan laugarren postuan zoazte, zein helburu duzue denboraldi honetan?

Helbururik nagusiena hurrengo urterako Europarako txartela lortzea da. Horretarako, lehenengo bost postuetan geratu behar gara. Lehenengo posturik geroz eta hurbilago, orduan eta hobe.

-Nolatan hasi zinen eskubaloian? Zer da eskubaloia zuretzat?

Eskola kirolean hasi nintzen. Lagun batzuk elkartu ginen eta urte erdia boleibola eta beste urte erdia eskubaloia zen. Infantileko lehenengo urtean igeriketa eta eskubaloia egiten nituen baina hurrengo urtean bat aukeratu behar izan nuen entrenamenduak ordu berdinean zirelako. Eskubaloia taldeko kirola zenez gehiago gustatzen zitzaidan, eta beraz, igeriketa utzi eta eskubaloiarekin jarraitu nuen. Geroztik, ikasketekin batera eguneroko bizitzan daukat eskubaloia.

-Aurtengoa zazpigarren urtea duzu eskubaloian, zer esan dezakezu?

Momentu txar eta onak eduki ditut baina onak askoz ere gehiago izan dira. Egunero ikasten da zerbait eta eskubaloian ahalik eta urte gehien jarraitzea espero dut.

-Zein aholku emango zenioke eskubaloian hasi berria den neska/mutikoari?

Eskuetan baloia hartzen duen momentuan disfrutatzen badu jarrai dezala aurrera. Ilusioa edukitzea ere oso garrantzitsua da. Pena merezi du horrelako taldekako kirol batean jolasteak.

2011 Nagore Arizaga (Bera Bera) (2)

2010-11 denboraldiko Ohorezko Mailako Bera-Bera taldea