info@leizaraneskubaloia.com

Aitor Ibarguren Larrarte – 2011/01/12

«Jubenil mailako Euskal selekzioarekin Leonen izan da Espainiako txapelketan»

-Gabonetan Madrilen eta Leonen izan zara Euskadiko selekzioarekin, kontaiguzu esperientzia:

Esperientzia polita izan da, eskubaloia maila handian jokatzeko aukera izan dudalako eta, batez ere, taldearen barruan eduki dugun giroagatik disfrutatu izan ahal dudalako. Orain arte bizitakoaren desberdina izan da: berrogei bat lagunek, entrenatzaileak eta laguntzaileak barne, egun asko pasa ditugu batera. Goiz eta arratsalde entrenatu dugu, partidak jokatu ditugu, barre asko egin dugu… bukaeran, ahoan zapore txarrarekin bukatu badugu ere emaitzei begiratu ezkero, gure artean sortutako giroak eramangarriagoa egin du hau dena. Nirekin egon direnei eskertu behar diet esperientzia hau posible egin izana.

-Leonen Espainiako txapelketa jokatu duzue, alde handia al dago beste taldeek jokatzen duten eskubaloiaren eta zuenaren artean?

Aldea badago, bai, baina ez dut uste hainbestekoa denik. Sumatzen dena, ordea, taldeak gainean batera dituen entrenamendu kopurua da. Guk, denera, agian 10 edo 14 egun entrenatu dugu guztira. Madrilekoak, esate baterako, Azaroan hasi ziren entrenatzen, astebukaeraro uste dut. Eta haien aurka jolastu genuenean nabaritu zen bai entrenamendu falta gugandik. Baloiaren mugimendu hobea eta azkarragoa zuten, eta jokaldi asko eta desberdinak. Behin denbora aurrera doan heinean, hasieran esan dudan bezala bi taldeen arteko aldea ez da hainbestekoa, baina eskubaloian partidu bakoitza mundu bat da eta mila faktore daude partidu baten garailea aukeratzeko.

-Leizaranen bost urte egin ondoren euskal ligan dabilen Eibarko Arrate taldera egin duzu jauzi denboraldi honetan, zaila izan al da pausu hau ematea?

Asko pentsatu behar izan nuen erabaki bat izan zen. Aditzera eman zidatenean Eibarko taldeak nigan zuen interesa, ez nekien zer erantzun. Alde batetik, eskubaloia gustuko duen edozeinentzat aurrerapauso bat da, jokatzen den mailari begiratuz gero. Beste aldetik, gauza asko alde batera utzi behar izan ditut. Azkenean, taldez aldatzea erabaki nuen, honelako aukerak ez baitira beti izaten! Baina bai, pausu nahiko zaila izan da.

-Euskal ligan aritzean entrenamenduak eta partidak gogorragoak izango dira, alde handia al dago?

Gogorragoak dira bai, maila aldaketa bat badagoelako. Baina talde ona dugu eta gauzak zailak asko errazten dituzten jokalariak ditugu taldean. Gauzak okertzen direnean, gainera, badakite nola erreakzionatu eta aurrera ateratzen ditugu partidu zailenak ere. Baina urtero badago talde bat gutxienez beheko mailan Euskal ligan ongi ibiliko litzatekeena. Beraz, badago alde bat, talde batzuekin gehiago beste batzuekin baino.

-Zer egiten zaizu gogorragoa, entrenamenduak ala bidaiak?

Entrenamenduak gogorragoak egiten zaizkit, asko matxakatzen baikaituzte. Bidaietan ordea, beste 3 pertsonekin noa Eibarrera eta gure arteko giroa oso ona da. Barre asko egiten dugu eta bidaiak nahiko eramangarriak egiten zaizkigu denoi.

-Arraterekin oso ondo zoazte ligan, jokatutako partida guztiak irabaziz, zein helburu duzue denboraldi honetan?

Aurtengo denboraldirako helburu batzuk finkatu genituen: lehenengoa, Espainiako Sektorerako sailkatzea. Euskadi osoko lehen bi taldeak bakarrik sailkatzen dira sektore hau jokatzeko eta oraingoz bide onetik goaz, nahiz eta lehenago beste fase txiki bat jokatu beharko dugun. Bigarren helburua, eta garrantzi gehiena ematen ari garena, Espainiako Sektore horretan aurrenak geratu eta aurrera egitea da, beste sektoreetako taldeetan aurrenak geratu diren taldeekin batera txapelketa bat jokatuz. Orain arte Barsa talde handiarekin egin dute beti oztopo Arrate taldekoek lehenengo sektorean. Aurten hori dugu helburu nagusitzat beraz, Barsa kaleratzea eta aurrera egitea Espainiako txapelketara. Ez da erraza izango, baina ilusioz goaz aurrera, talde polita baitugu.

-Nolatan hasi zinen eskubaloian? Zer da eskubaloia zuretzat?

Hasieran futbolean hasteko asmoa nuen. Telebistan gehien ikusten dena da, publizitate gehien duena, beraz normala izan ohi da ume guztiek futbolari handiak bezalakoak izan nahi izatea. Baina futbola ez zen nire abilidadeetako bat dirudienez, ez ninduten taldean hartu eta. Andonik esan zidan orduan, eskubaloiko taldea ateratzeko atezain baten bila zebiltzala eta ea animatuko al nintzen. Proba egin nuen eta oso ondo atera zait egia esan. Ordudanik ez dut inoiz pentsatu kirol hau uztea.

Eskubaloia ez da kirol hutsa, izerdia botatzeko eskusa soil bat. Eskubaloiak eman didana 6 urte hauetan zehar ezin dut hitzekin soilik adierazi. Niretzat, desestresatzeko zerbait da, eguneroko gauzetatik irten eta deskonektatzeko, disfrutatzeko, beste ezer baino gehiago.

-Aurtengoa seigarren urtea duzu eskubaloian, zer esan dezakezu?

Gauza asko bizi izan ditudala, baina oraindik ere makina bat gauza bizi behar ditudala eskubaloiarekin. Urteak azkar pasatzen direla, eta jadanik ia kategori guztiak pasa ditudala. Hala ere, hasi nintzen ilusio berarekin edo gehiagorekin jarraitzen dudala eta aurtengo denboraldiari begira ilusio handiak ditudala. Eta aurreko 5 urteetan nirekin izan diren taldekideei, bai jokalari eta bai entrenatzaileei, eskertu behar dietela batez ere aurtengo aldaketa posible izatea.

-Zein aholku emango zenioke eskubaloian hasi berria den neska/mutikoari?

Lehenengo urtea, batez ere, oso zaila izaten dela eta porrot asko jasan izan ohi direla. Baina ilusioz, gogoz eta entrenatuz porrot horiei buelta ematea lor daitekeela. Ez jaisteko burua gauzak oker doazenean eta bukaeraraino borrokatzeko, eta ikasteko postu guztietan jolasten. Eta batez ere, disfrutatzeko eskubaloiarekin.

2011-01-08 Aitor Ibarguren (Euskal selekzioa-Leon) (2)

2011ko urtarrilaren 8a. Jubenil mailako euskal selekzioa Leonen