info@leizaraneskubaloia.com

Xabier Amiano Lasarte – 2011/10/03

«Senior gizonezkoen taldeko entrenatzailea»

-Leizaran Eskubaloian duela urte mordoxka bat sartu zinen, 1994ean hain zuzen, gogoratzen al duzu nolatan hasi zinen eskubaloian?

Anaiak dagoeneko jokatzen zuen eta eskola kirolean gustora aritzen nintzen eskubaloian. Kirol ezaguna eta gustokoa nuen beraz.

-Jokalari moduan kadetetan hasi, jubeniletatik igaro eta seniorretan lau urte egin zenituen, lesio baten ondorioz jokatzeari utzi behar eta entrenatzaile moduan hasi zinen 2004ean. Zein garaitakoak dira zure oroitzapenik onenak?

Jokalari nintzenekoak noski. Ez nuen inoiz titulorik irabazi, baina taldeetan beti izan genuen giro ona eta oso gustora aritzen nintzen.Gogoan dut jubeniletako bigarren urtean partidu bakoitzeko goleatzaile nagusiak, aldagelatara iritsi bezain laister polboroi bat ahoratu behar zuela oso osorik eta inongo edariren laguntzarik gabe. Horrelako mila anekdota bizi izan nituen jokalari nintzenean.

Entrenatzaile garaiak ere ez dira txarrak izan, neska mutil gazteen garapena nolakoa den ikustea eta bizitzan aurrera nola egiten duten beraiekin bizitzea oso aberasgarria da.

-Oso desberdina al da jokalari edo entrenatzailearen papera?

Oso ezberdina da bai. Jokalariaren lana entrenamenduetan ahalegintzea da eta fisikoki apur bat sufritzea da, hau da, entrenamendu eta partiduetara mugatzen da bere lana.

Entrenatzaileak berriz, entrenamendu eta partiduak zuzentzeaz gain, etxean entrenamenduak prestatu behar ditu eta buruari buelta asko eman behar dizkio taldea ahalik eta ondoen joan dadin.

-Aurtengoan erronka berri bat hartu duzu gainean, zenbait urtez jubeniletako taldea entrenatzen aritu ostean senior gizonezko taldearen entrenatzaile ardura hartu duzu. Zer esan dezakezu?

Zuk esan bezala erronka berri bat bezala hartu behar da. Beti daukazu lana ondo ala gaizki egingo duzunaren beldur edo duda, baina bestalde erronka berri horri aurre egiten laguntzen dizu.

-Nola ikusi duzu taldea aurre-denboraldi honetan?

Jokalari mordoa dago jokatzeko gogoz eta hori baikorra da, aurre-denboraldi gogorra izan den arren jokatzeko gogoa daukanak gogor entrenatzeko beharra ikusten baitu. Hori ikusita aurre-denboraldia txukuna izan dela esan behar dut, ezin naiz kexatu.

-Zein helburu ditu taldeak aurtengo denboraldiari begira?

Hasiera batean taldearen helburua mailaz igotzea zen, baina azkenean lurraldeko lehenengo mailan jokatzeko aukera izango dugu eta beraz helburuak aldatu beharrak dira. Taldea osatu eta maila honetan esperientzia hartzea izango da aurtengo helburua, partidak hasi ahala ikusiko dira taldearen ahalmenak, hasiera batean maila mantentzea da helburu nagusia. Talde gazte eta kalitatezkoa da, honek datorren urteetarako helburu politak lortzeko esperantza ematen digu.

-Zer da eskubaloia zuretzat?

Argi dago nire bizitzan denbora asko inbertitu dudala eskubaloian eta pertsona bezala garatzen eta lagundu didala. Diziplina izaten erakutsi dit, gorputza forman mantentzen lagundu dit eta guzti hori taldekideekin momentu politak biziaz.

-Aurtengoa hemezortzigarren denboraldia duzu Leizaran Eskubaloian, zer esan dezakezu?

Oso pozik nago Leizaran Eskubaloian esku bat botatzeko denbora izateaz. Ni bezala pertsona asko dago inplikatua klub honetan eta pozten naiz hauekin batera lanean aritzeaz. Azken finean klub honen funtsa borondate ona da eta gustua ematen du bertan parte hartzeak. Ez dakit zenbateraino den kontziente kanpoko jendea klub honengatik zenbat lan egin den, baina momentu hau aprobetxatuz eskerrak eman nahi dizkiet klubean lanean ari diren eta aritu diren guztiei.

-Zein aholku emango zenioke eskubaloian hasi berria den neska/mutikoari?

Lehenik eta behin kontuan izan dezatela eskubaloian jolasten ikastera sartzen direla klub honetara. Honetarako gogoa jartzea eta inoiz ez zapuztea aholkatzen diet, beti baitago progresiorako aukera. Hortaz gain lagunak egiteko eta giro polit batez gozatzeko aukera izanik aprobetxa dezatela esan nahi diet.

2011-2012 SG (11-11-01)

2011-12 denboraldiko Senior Gizonezkoen Leizaran Ernio Inmobiliaria taldea